Altzoko Erraldoia
MIGEL JOAKIN ELEIZEGI ATEAGA (1818-1861)
ALTZO EZAGUNA EGIN DUEN GIZONA

Migel Joakin Eleizegi, bere aita (ezkerrean) eta anaia Juan Martinekin (eskuinean) irudikatua.
AURKIBIDEA: Dokumentu osoa PDF formatuan hemen
ATARIA: ITURRI DOKUMENTALEN JUSTIFIKAZIOA
ALTZO EZAGUNA EGIN DUEN GIZONAREN IBILBIDE BIOGRAFIKOA
Jaiotza, haurtzaroa eta sendia
Ikuskizunetan aritzeko ekimena
Bidaiak eta ikuskizunak
Neurri antropometrikoak eta objektu pertsonalak
Erraldoitasunaren jatorria
Joakinen nortasuna
Egoera ekonomikoa
Heriotza
Hormigoiz egindako omenaldia
Juan Lope Jimenez, erliebearen egilea
BESTE ERRALDOI BATZUK
OHARRAK

MIGEL JOAKIN ELEIZEGI ATEAGA, ALTZOKO ERRALDOIA
ATARIA: ITURRI DOKUMENTALEN JUSTIFIKAZIOA
Altzoko Erraldoiari buruzko datuak bilatzeko, iturri dokumental anitz kontsultatu ditugu. Fidagarrienak honakoak iruditu zaizkigu:
Gregorio de Múgicaren Destellos de Historia Vasca II.tomoa 29-33 orr. Auñamendi Bilduma. Auñamendi Argitaletxea, 1962. Donostia.
Serapio Múgicak Euskal-Erria, Revista Bascongadan El Gigante de Alzo izenburupean idatzitako artikulua. XXXV. tomoa (1896ko bigarren seihilekoa). 410-414 orr. Zuzendaria: Antonio Arzac, 1896. Donostia.
Higinio Gandarias Ibaibarriagaren Miguel Joaquín de Eleicegui Ateaga: El Gigante de Alzo (1818-1861). Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País. XXXV.urtea. 1 eta 2 koadernoak (1979). 141-216 orr. Donostia.
Jesus Elosegui Irazustak idatzitako Algunos datos biográficos referentes a Miguel Joaquín de Eleicegui Ateaga (1818-1861) Altzo-ko aundiya El Gigante de Alzo. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País. XXVI urtea. 2 eta 3 koadernoak (1970). 279-289 orr. Donostia.
Higinio Gandariasen lanak Altzoko Erraldoiaren historiaren inguruan idatzi izan diren kontraesanen eta zehaztasunik gabeko datuen eztabaida aurkezten du. Informazio kontrajarria ikertu eta hainbat ondorio azaltzen ditu. Aurrean duzun idazki hau hainbat egileren ekarpenak laburbiltzeko asmoz egin da eta eztabaidagarriak diren datuak eta pasarteak aurkituko dituzu bertan. Horietan egin ditugun baieztapenak Altzon urteetan karmeldar izandako gizon honen, Gandariasen, ekarpenetan oinarritu ditugu.
Migel Joakin Eleizegiren datu biografiko behinenak (hala nola, jaiotza eta heriotza data) eta ikuskizunetan aritzeko hitzartutako kontratua egiaztatu ditugu, Donostiako Gotzaindegiko Elizbarrutiko Artxibategi Historikoan, 2003ko urrian.
Testu hau ilustratzeko irudiak honako erakundeen eskutik jaso ditugu:
Altzoko Udaleko Argazki Bilduma. Altzo.
Kutxa Fundazioaren Fototeka. Donostia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Agiritegi Orokorra. Tolosa.
ALTZO EZAGUNA EGIN DUEN GIZONAREN IBILBIDE BIOGRAFIKOA
Migel Joakin Eleizegik, Altzoko Erraldoiak, egin du Altzo ezagun gure lurraldean eta hemendik kanpora. Erraldoi Euskalduna izenarekin aurkeztua izan zen Europako hainbat hiritan. Altzo herria elkarrizketaren batean azaltzen denean, ezinbestekoa izan ohi da erraldoia aipatzea eta haren neurrien inguruko hausnarketa arinen bat egitea.
Bere jaioterriaren maitale, Altzo`ko Aundiya benetakoa, hezur-haragizko gizakia izan zen, oraindik batek baino gehiagok kondaira edo ipuinetako pertsonaia izan zela uste duen arren. Hona bere ibilbide biografikoa:
Jaiotza, haurtzaroa eta sendia
Migel Joakin, 1818ko uztailaren 10ean sortu zen, goizeko lauretan. Altzo Azpiko Ipintza baserrian jaio zen. Ipintza-Zahar edo Ipintza Zarra deitzen zioten eta egun Ipintza Haundi izena hartu du. Altzoko herria bi gune nagusitan banatzen da: Altzo Azpi eta Altzo Muino. Altzo Behekoa eta Altzo Goikoa ere deitzen zaie. Ipintza baserria Altzo Azpikoa da.

Ipintza Altzo Azpin dago. Ezkerretara, Altzo Muino ikus daiteke. 2003ko argazkia.
Joakin bederatzi anaia-arrebatatik laugarrena zen. Hiru anaia zaharrago eta hiru anaia gazteago zituen. Bi arrebak ziren familiako gazteenak. Aita Migel Antonio Eleizegi (1790-1872) eta ama Inazia Antonia Ateaga (xx- 1829) zituen. Aita, izatez, Altzokoa zen. Ama Orendaingoa zuten. Aitaren aldeko aitona-amonak altzoarrak ziren eta amaren aldekoak Orendainen bizi ziren. Guraso, anaia-arreba eta beste senideen neurri fisikoak ez dira inongo idazkitan nabarmendu.
Migel Joakinek hamar urte zituenean zendu zen ama. Haurtzaroa eta nerabezaroa bere garaikideek bezala igaro zuen, hazkuntza arrunta izanik.

Ipintza baserria, gaur egun. Erdialdean, erraldoiaren erliebea dago. 2003ko argazkia.
Ikuskizunetan aritzeko ekimena
Helduaroan, egileek zehazten ez duten gaixotasun larria jasan zuen Migel Joakinek, eta, honen ondoren, aparteko garapen fisikoa izan zuen: denbora gutxian asko hazi zen. Dirudienez, bizilagunak, sarritan ikusten zutelako edo, ohituta zeuden gure mutilaren tamainarekin. Tolosara joaten zenean, ordea, benetako ikusmira sortzen zuen. Tolosatik egurrez betetako idi gurdiarekin pasatzen zenean, kaleko beste aldetik ere egurraren gainetik burua igartzen zitzaion eta ikusten zuten guztien ahotan egoten omen zen haren handitasunari buruzko aipamenen bat.
Garai hartan, Phileas Taylor Barnum (1810-1891) izeneko gizon iparramerikarra oso ospetsua egin zen mundu osoan, zirkoan ikusgai jartzen zituen akromegaliko, desfiguratu, ipotx eta abarrengatik. Gizakien miseriak erakutsiz eta erakartzeko pertsonaia faltsuak asmatuz, oso entzutetsu bilakatu zen.
Honen arrakastak, ziurrenik, izan zuen eraginik Altzoko Erraldoiaren asmo exhibizionistetan, baita hau ikustera joaten zirenek azaltzen zuten mirespenean ere. Joakinen handitasunaz baliatuz dirua eta ospea lortzeko eta zirkoan erakutsia izateko ideiak bazuen ageriko aurrekaririk, beraz.
Jose Antonio Arzadunek elkarte bat osatu zuen, erraldoia herriz herri eraman eta dirua egiteko. Elkarteko kideak honako hauek ziren: esandako Jose Antonio Arzadun, Lekunberrikoa; Tolosako Jose Joakin Arrese; Donostiako Joakin Beraza eta Matias Lizarribar. Hauek kontratu bat osatu zuten 1843ko martxoaren 17an, erraldoiaren aitaren -Miguel Antonio Eleizegi-, anaiaren - Juan Martin Eleizegi- eta erraldoiaren beraren adostasunarekin.

Jose Antonio Arzadunek sortutako elkartearekin erraldoiak ikuskizunetan parte hartzeko kontratua izenpetu zuten.
Egindako bidaiak eta ikuskizunak
Juan Cruz Sarasola notarioaren aurrean izenpetutako kontratuak adierazten zuenez, elkarteak urte betez hainbat herritan erraldoia erakusteko eskubidea hartzen zuen. 1843ko apirilaren 15etik hasita, erraldoia elkartearen esanetara egon beharko zuen, betiere bere handitasunaz baliatuz dirua irabazteko xedez. Horrela zioen kontratuak:
- Elkarteak datorren apirilaren 15etik aurrera urrezko hamahiru ontza (*1) emango ditu: sei ontza eta erdi apirilaren 15ean eta beste sei ontza eta erdi, urte bukaeran. 1844ko apirilaren 14an amaituko da. Erraldoiaren anaiari, Juan Martin jaunari, bidaietan lagun izango duenez, beharrezko segurtasun eta fidantzak emango zaizkio, eta mantenua eta janzteko mihisezko lau alkandora.
- Sari guztiak Migel Joakin jaunarentzat izango dira.
- Migel Joakin jauna gaixotuko balitz, Elkartearen esku egongo lirateke gastuak lehenengo hilabetean; hilabete igarota gaixorik jarraituko balu, Elkarteak beharrezko izapideak egin beharko lituzke Migel Joakin erietxeren batean sartzeko. Baina gastuak ez lituzke Elkarteak hartuko bere gain.
- Dagoen lekuan egonda ere, Elkarteak mezara joateko aukera eman beharko dio jaiegun guztietan.
- Urtea amaitu baino lehen Elkarteak bere asmoak bertan behera utziko balitu ere, Migel Joakin bere jaiotetxea den Ipintzan utzi beharko luke, Altzoko herribilduan. Eta kontratupean hitzartutako zenbatekoa osorik eman beharko lioke, urtea igaro izan balitz bezala, nahiz eta Elkartearen esanetara bi hilabetez edo gutxiagoz egon.
- Erretzeko beharko duen tabako guztia Elkartearen gain egongo da.
- Urtea amaitu ostean, bi alderdietako kideek kontratua deuseztatzea erabakitzen badute, iragaten den egun bakoitzeko duro bana eman beharko diote, goian aipatutako baldintzetan adierazten den jana, janztekoa eta bestelako beharrak asetzeaz gain.
- Bete beharreko baldintza da Elkarteak Migel Joakin ez itsasoratzea; baina egoki iruditutako edozein lurraldetara eraman dezake, nahiz Espainia nahiz beste erresumaren bat izan.
Migel Joakinek egindako bidaien inguruan datu asko eta kontrajarriak aurki daitezke atarian aipatutako idazkietan. Hona irteeren inguruan egin diren zenbait baieztapen:
- Lehenengo irteera Bilbora egin zuen, alokatutako gurdi batean. Hasierako urteetan, gurdiaren tamaina zela eta, erraldoia makurtuta joatera behartuta egoten zen, eta hau kaltegarri bihurtu zen bere osasunerako. Aurrerago, bere jabetzakoa zen gurdian bidaiatzen zuen. Neurri aldetik egokiagoa zen hura.
- Hogeita bost urte zituela, 1843. urtean, Donostian egon zela diote datuek.
- Hogeita zazpi urterekin, 1845ean, Parisen kokatu izan dute.
- 1847. urtean, hogeita bederatzi urte zituenean, Espainia, Portugal eta Frantzia bisitatu zituen.
- 1854. urterako, hogeita hamasei urte zituenerako, Espainia eta beste zenbait lurraldetatik igaroa zela da ziurrena, 1853. urtean idatzitako testamentuan azaltzen duenaren arabera.
- Daturik nabarmenenak honakoak dira: Madrilen, Isabel II erregina bisitatu zuen; Frantzian, Luis Felipe erregea; Portugalen, María de la Gloria erregina; eta Victoria I, Ingalaterran.
Emandako ikuskizunetan, Barnum iparramerikarraren antzera, ikusmira sortzeko zenbait trikimailu erabili zituzten; hala nola, erraldoia turkoz eta espainiar armadako jeneralez mozorrotzea.

Lopez Alén jaunak lumaz marraztutako irudia. Jatorrizkoa arkatzez egina da, Lujol-ena, 1846koa. Ikuskizunetarako espainiar armadako jeneralez jantzirik ikus daiteke.
Neurri antropometrikoak eta objektu pertsonalak
Benetan bitxia da zenbat neurri eman izan dituzten erraldoiaren tamainari dagokionez. Jatorrizko neurriak Altzo Azpiko San Salbador elizako atarian markatu zituzten. Erraldoia bidaietatik etortzen zenean, lagunekin eta elizako erretorea buru izanik, haren altuera eta zabalera zizelkatzen zituzten. Bidaia bakoitzetik orduan eta handiagoa etortzen zen.
Gandariasek honako datu hauek eskaini zituen, lur zoruaren irregulartasuna, 1902 urtean egindako betetze lanak, eta beste hainbat aldagai kontuan harturik eta neurketa anitz egin ostean:
Altuera
Lehenengo neurketa: 2 metro, 10 zentimetro eta 3 milimetro
Bigarren neurketa: 2 metro eta 25 zentimetro
Hirugarren neurketa: 2 metro, 35 zentimetro eta 7 milimetro
Azken neurketa: 2 metro, 41 zentimetro eta 1 milimetro.
2metro eta 42 zentimetro-ko altuera ondorioztatzen du.
Zabalera
Besoak zabalik jarrita, esku baten muturretik bestera: lehenengo neurketa: 2 metro eta 27 zentimetro.
Azken neurketa: 2 metro eta 42 zentimetro
Bere handitasunaren adierazgarri, erraldoiak erabiltzen zituen zenbait objektu ditugu. 1916. urteko abenduaren 20an, Donostiako Udal Museoan, San Telmon, gorde ziren. Euskal Etnografoen Batzordearen esku geratu ziren. Besteak beste, honako gauzak entregatu zituzten:
-AULKIA. Lurretik eserlekura, 64 zentimetro. 50 zentimetroko zabalera, 42 zentimetro aurretik atzera eta 38 zentimetroko bizkarraldea.
-ESKULARRUAK. Antxume-larruz Parisen egindako bi eskularru. Eskumuturretik hatz luzera, 33 zentimetro neurtzen du.

San Telmon urte luzez erakusgai egon diren bi kapelak, eskularruak eta zapata.
-ZAPATA. Zapataren orkoiak 39 zentimetro luzeran eta 11 zentimetro altueran neurtzen ditu.
-BI KAPELA LUZE. 7 puntu eta erdi neurtzen du bakoitzak; hau da, 62 zentimetroko zirkunferentzia. Kapela baten neurriak: 23 zentimetro altueran, 21 zentimetro hegalak. Beste kapelaren tamaina: 23 zentimetro altueran, 35 zentimetro hegalak eta 41 zentimetro hegal handiak. Hauetako bat Madrilgo Domingo Guevarak egina da eta Joakinen inizialak ditu: J.E.
-ERRETRATUAK. Hauen artean, erraldoiarena eta bere aitarena. Lujol-ek arkatzez egina, 1846an, eta Toulouseko Mr. Constantinen Litografian estanpatua (ikus irudia, goian).
San Salbadorreko Elizan, meza aurretik, baserritarrek eta gure erraldoiak atarian itxaroten zuten. Joakin bertako petrilean esertzen zen batzuetan. Petrilak 1,11 metroko altuera zuen eta hankak lurreraino iristen omen zitzaizkion. Eliz berean, konfesatzeko orduan, belauniko jartzen zen aitorlekuan eta apaiza zutik ipintzen zen hura baino baxuago ez egoteko.
Bizargabea eta argala zen. Denen iritziz, ongi proportzionatua zegoen. Erraldoitasun kasuetan, gorputza desproportzionatua eta malformatua izatea da arruntena, ordea.
Bere pisuari buruzko informazioa ere badugu. Hogeita hiru urterekin 16 arroa (*2) pisatzen zuen; hau da, 184 kilo. Gehien pisatu zuen garaian, 17 arroa eta 17 libra; beraz, 203,32 kilo.

El incomparable gigante español, (espainiar erraldoi paregabea) izenburuarekin, Migel Joakinen aurkezpenerako afixa.
Bere baserri inguruan paretak eraiki omen zituen. Harriak pultsuan altxatzeko gai zela diote idazkiek, eta oso iaioa zela, gainera. Dena den, garaiko etnologoen iritziz, Joakin ahula zen, eta indarra bere muskulatura handiari egozten zioten.
Jan eta edateko, gutxienez hiru pertsona elikatzeko adina beharko zuela kalkulatu dute. Denboraldi batean, Alegiatik mandatari batek ekartzen zion sagardoa. Egunero arroa bat edaten zuela zioen hark (23 litro). Pitxer erdiko (*3) botila sagardoa trago batean edaten zuela eta kobazuloan haizea sartzean sortzen den hotsa zirudiela baieztatzen zuen.
Erraldoitasunaren jatorria
Joakinen erraldoitasunaren jatorriari buruz askotariko iritziak aurki ditzakegu. Walker doktoreak (antropologoa, Harvard-eko Unibertsitatean Medikuntzako irakaslea eta gigantismoan aditua) akromegalikoen artean sailkatu zuen erraldoia, hipofisiaren aparteko hiperfuntzionamendua nabarmenduz. Walker 1962. urtean etorri zen gure lurretara, gigantismoaren simposium batera. Ekitaldia ez zen egin, baliabide faltagatik.
Akromegalia eta gigantismoa eritasun ezberdinak dira. Hazkuntza-hormonaren hiperjarioa hezurren hazkuntza osatu aurretik (haurtzaroan) gertatzen bada, gigantismoaz hitz egin behar da. Aldiz, hazkuntza-hormonaren hiperjarioa hezurren hazkuntza osatu ondoren (helduaroan) gertatuz gero, akromegaliaz ari gara. Azken hori da Altzoko erraldoiaren kasua.
Akromegalia 20 eta 40 urte bitartean gertatzen da. Joakinek, 20 urterekin gaixotasun larria jasan ondoren, neurrigabe hazteari ekin zion. Orokorrean, gaixotasun honek deformazioak sortzen ditu: eskuak, hankak, behatzak, masailezurra handitzen ditu. Beste sintoma batzuk ere agertu ohi dira: artikulazioetan mina, bihotza eta beste organoak handitzea, nekea eta ahulezia, buruko mina, bista galtzea...
Zorionez, erraldoia fisikoki proportzionatua zen, baina jasandako gaixotasunak kontuan hartuz gero, barneko arazoak izango zituen. Sistema baskularrean eta giltzurrunetan arazoak izango zituen, ziurrenik.
Walkerrek biriketako tuberkulosia diagnostikatu zion. Erraldoiak, bai azken testamentuan bai Isabel II erreginari igorritako instantzia batean, bere burua naturaren abortutzat jotzen du. Dirudienez, bere handitasunak lotsarazi egiten zuen. Jendeak zeharka begiratzen zion, jakin-minez. Ez zen oharkabean pasatzen eta horrek gaizki sentiarazten zuen erraldoia.
Joakinen nortasuna
Walker doktorearen iritziz, Joakin sinple samarra zen eta apur bat lotsatia. Gizon ona, apala eta langilea zela deskribatu dute. Gizatasun handiko pertsonatzat zuten ezagutu zutenek. Ez zen pertsona harroputza, nahiz eta espainiar armadako jeneralez jantzita azaltzen den afixean horrela irudikatu zuten.

Ipintza baserriaren kanpoaldean dagoen hormigoizko erliebearen detailea. 2003ko argazkia.
Emakume ingeles erraldoi batekin ezkondu nahi izan zutela esan ohi da, ekonomikoki onura ekar zekiokeelako, baina Joakini ez zion ilusiorik egiten, nonbait. Hark benetan nahi zuena etxera itzultzea zen, Ipintzara.
Igande arratsalde eta jai egunetan lagunekin tutean aritzea zuen gustukoen. Aldian-aldian loterian jolasten zuen, ezkutuka; baina, irabazi ez zuela jakiteak sortzen zion tristura ezin zuenez ezkutatu, berehala nabaritzen zioten jokoan aritu zela.
Bestetik, bere erlijiotasuna nabarmendu izan da. Goian transkribatutako kontratuko laugarren parrafoan argi azaltzen da mezara joateak zuen garrantzia. 1843ko martxoaren 19 eta 26an, Donostian zeudelarik, ez omen zioten utzi mezara joaten, agian jendeak doan ikusteko aukera izango zuelako. Hori zela eta, erraldoiaren aitak, Juan Martin erraldoiaren anaiaren bitartez, idazki bat bidali zion Elkarteari, hitzartutakoa bete zezan. Bete ezean, kontratua bertan behera utziko zutela jartzen zuen agirian.
Pilar birjinarekiko debozio handia omen zuen. Zaragozako basilika bisitatzera joan zen batean, inguratu zitzaion jendetza zela eta, bidea egiteko indar publikoak esku hartu behar izan zuela kontatu izan dute.
Bere erlijiotasunaren adierazle dira beherago zehaztuko diren testamentuak ere.
Egoera ekonomikoa
Migel Joakinen egoera ekonomikoari buruz baieztapen negatiboak zabaldu dira, orokorrean. Pobrea izan zela eta gosez hil zela esan izan da sarritan. Gandariasek dio gizarteak pertsona txiroa baztergarritzat jotzen duela, baina, erraldoia pobrea izan bazen ere, ez genukeela zertan horregatik harekiko estima galdu. Ados gaude horretan gu ere.
Dena den, kontrakoa frogatzen duten hainbat datu daude. Orokorrean, bi alderditan oinarritzen dira: garaiko baserrietako baliabideetan eta erraldoiak utzitako testamentuetan.
Bere garaian, baserrietan ez zegoen diru asko, baina bertatik irten gabe bizitzeko baliabide nahikoak zituztela esan daiteke: baratzeko jakiak, haragia, esnea... Bazkaltzeko hamar edo hamabi lagun elkartzen ziren egun haietan. Anaia-arreba pare bat gehiago edo gutxiago familiak onar zitzakeen, eta hiru edo lau pertsonak adina behar bazuen, erraldoiaren mantenua jasan zitekeela pentsa daiteke.
Hori batetik. Bestetik, bere ondasunak aipatuko ditugu. Bere lehen testamentua hogeita hamabost urterekin idatzi zuen. Dirua eta aldez aurretik ordaindutako mezak utzi zituen, besteak beste. Bigarren testamentua hil baino egun batzuk lehenago utzi zuen prest: diru gutxiago, baina aldez aurretik ordaindutako meza gehiago utzi zituen. Zehazki, zortzi erreal kobrezko txanponen balioa zuten 500 meza utzi zituen ordainduta azkenean.(*4)
Azken bidaietan bere gurdia erabili zuen; luxu bat garai hartan. Beraz, ezin pentsa daiteke jateko eta janzteko beharrezko zuena faltako zitzaionik.
Heriotza
Gaixotasun batzuk jasan zituen bere bizitzako azken etapan. Walker doktoreak erraldoiaren heriotza leize-kaltzifikatuko biriketako tuberkulosiari egotzi zion. Berrogeita hiru urterekin hil zen, Ipintzan, 1861eko azaroaren 20an, arratsaldeko laurak eta laurdenean. Bere testamentuan eskatu bezala, lurperatu egin zuten, horretarako hilkutxa erraldoi bat ekarri zuten Tolosatik. Bere gizarte mailakoen artean ohikoa zen otoitza eskatu zuen, bestetik. Haren gorpua Altzo Azpiko hilerri xumera eraman zuten.
Erraldoia zendu eta denbora batera, etnologo batzuek bere sendiarengana jo omen zuten, Joakinen hezurrak erosteko asmoz. Familiak ezezkoa eman zuen. Ordutik, norbaitek erraldoiaren hezurrak hilkutxatik lapurtu zituela zabaldu zen, hobitik ateratzerakoan ez zeudela han zioen herriko jendeak. Londreseko edo Pariseko museoren batean zeudela esaten zuten, bestetik. Gandariasen ikerketek ez zuten horrelakorik baieztatu.
Ez zuen seme-alabarik izan. Erraldoiaren aita, Migel Antonio, hamaika urte geroago hil zen.
Hormigoiz egindako omenaldia
Denbora luzean, Migel Joakin Eleizegiri omenaldia eskaini nahi izan zioten; harriz eginiko eskultura batekin, hain zuzen ere. Zehazki, Foru Aldundiak eta Elkarte pribatu batek azaldu zuten interesa. Eztabaida Altzo Muinon edo Altzo Azpin ipintzearekin etorri zen, eta, azkenean, erliebe xehe baina esanguratsu bat enkargatu zioten Juanito Loperi. Baserritarrez jantzita azaltzen da bertan, zutik, buruan txapela eta esku artean makila dituela.

Ipintza baserriaren albo batean dagoen erliebea. 2003ko argazkia.
Juan Lope Jimenez, erliebearen egilea

Lopek izenpetutako erliebeak 1968ko maiatzaren 23ko data du idatzirik. 2003ko argazkia.
Ipintza baserriaren albo batean, Altzoko Erraldoia izenburua duen eskultura bisita daiteke. Lopek 1968an zizelkatu zuen Joakinen irudia.
Juan Lope Jimenez Tolosan sortu zen, 1917 urtean. Guda Zibilaren ondoren, Donostiako Arte eta Lanbideen eskolan Modelazioa ikasi zuen. Jose Lopetegi izan zuen irakasle. Geroago, Juan Benllure eskultorearekin Madrilera joan zen, baina denbora gutxiz, ez baitzen bertako bizitzara moldatzen. Lantegi bateko langilea zen eta aisialdian eskulturak egiten zituen. Hogeita hamar lan zenbatu daitezke gutxienez bere eskulturen artean. Besteak beste, Iztueta koreografoaren bustoa, Barandiaran ikerlariarena, Lizardi olerkariarena eta Pablo Gorosabel ikerlariarena.

Lopek egiazko neurrien arabera zizelkatu zuen Joakin. Erraldoiaren irudiaren behealdean, 42 zentimetroko abarka irudikatu zuen. 2003ko argazkia.
BESTE ERRALDOI BATZUK
- Fermin Arrudi. Sallent (Zaragoza). 2,23 metro. 1913. urtean hil zen, 43 urte zituela.
- Béjar-eko Erraldoia. Salamanka. 2,18 metro. 14 arroa pisatzen zuen (161 kilo).
- Mexikoko erraldoi bat. 2,40 metroko garaiera eta 160 kiloko pisua. 1899an hil zen.
- Sama izeneko asturiar herri batean jaio omen zen beste erraldoi bat. 2,20metro neurtzen zuena. Gazte hil zen.
- Anna Haining Swan. Jaiotzean 8 kilo pisatzen zuen (1846ko abuztuaren 6an). Lau urterekin, 1,35 metro; hamar urterekin, 1,97 metro; 17rekin, 2,28; eta azkenean, 2,40 metroan gelditu zen. 42 urterekin hil zen. Bi seme izan zituen. Phineas Taylor Barnum-en ikuskizunetan parte hartu zuen.
- Marianne Wedhe alemaniarrak 2,53 metroko altuera zuen. Uste da hau dela garai modernoko emakumerik altuena.
- Angus McAskill. Anna Swan-en garaikidea, 2,50 metroko altuera lortu zuen.
- Martin Bates, Kentucky-ko Erraldoiak 2,20 metro neurtzen zuen. Anna Swan eta bera senar-emazteak izan ziren.
OHARRAK
(*1)13 ontza. (Datu hauek orientagarriak dira). 2003ko abenduaren 23an, ontza batek 412 dolar balio zuen. Euro batek 1,20 dolar balio ditu. Dolarra eta euroa baliokidetzat emanik, 13 ontza (13 x 412=5.356 euro) egungo 5.356 euro lirateke. Hau da, 891.163,42 pezeta. Txanponaren debaluazioa dela eta, egungo 5.356 eurorekin (=891.163, 42 pezeta=13 ontza) duela 160 urte zenbat gauza egin edo eros zitezkeen jakitea oso baliagarria litzateke.
(*2)1 arroa=11.50615kg.
(*3)Pitxerra= 2,016 litro. Pitxer erdia=1.008 litro.
(*4)500 meza, zortzi erreal - kobrezko txanpon mezako, 1.000 pezetaren baliokidea zen. XX.mendearen hirugarren laurdenean, 50.000 pezetaren baliokidea.Garai hartan diru mordoxka bat zen.
Altzon, 2004ko urtarrila.
Altzoko Udaleko Kultur Arloa
Gainbegiratzea eta zuzentzea: UEMAko euskara zerbitzua (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea).