castellano | Web mapa  
  HERRIA
 Hemen zaude:   Sarrera »  Altzoko Herria »  Altzotar ezagunak »  Imaz Bertsolaria
 
 
 
 
 
 
 
»

Imaz Bertsolaria

Manuel Antonio Imaz Garaialde (1811-1893)

Bi mila eta batean, ehun eta laurogeita hamar urte bete zirenAltzok eman duen bertsolaririk ezagunena jaio zela. Manuel Antonio Imaz Garaialde zeritzan, Imaz Bertsolaria bezala ezagunagoa gaur egun, eta bertso-jartzailea zen; bat-batean ere arituko zen seguru asko, baina bertso paperetan utzitako emariagatik pasatu da historiara.

Legarre baserrian jaio zen 1811ko maiatzaren 19an, eta bertan hil zen 1893ko azaroaren 9an 82 urte zituela. Antonio Zavala bertso-biltzaile handiak lekua egin zion bere Auspoa sailean, eta liburuki mardula argitaratu zuen gure bertsolariaren bertso eta bizitzako hainbat pasarterekin. Hemendik hartuak dira orri hauetara dakartzagun kontu eta kantuak.

Artzadun baserriko Maria Paula Jauregirekin ezkondu zen 1836ko agorraren 22an, eta bost alaba eta hiru seme izan zituzten. Ezkondutako urtean pago-landare bat aldatu zuen Imazek Basaitz mendian, Gaztañamotzeta deritzan basoan. Gaur Imazen Pagoa izenetik ezagutzen da pago hau. Arreta handiz kontu egiten omen zion Manuel Antoniok. Zenbat loditzen ari zen ikusteko, tarteka, gerrikoa erantzi eta neurtu egiten omen zuen. Gero, etxea joan eta kupela neurtzen omen zuen, eta hala antzematen omen zion zenbat irabazi zuen azkenekotik. Diotenez, halaxe egin zuen hil zen aurreko astean.

Bertsolari gisara, hasieran genion bezala, bertso-jartzaile oparoa eta ezaguna izan zen. Hala esaten omen zuen Pello Errotak, Asteasuko bertsolari handiak: "bertso jartzen gu ez gera Imazen zapatak lotzen asteko ere!"

Bertsoak jartzeko grinak eraginda, baserriko edozein langintzara zihoalarik ere, patrikan lapitza eta papera hartuta joaten omen zen. Eta bertsoa bururatutakoan, lanari utzi eta eskribitu egiten omen zuen. Ama gogotik haserretzen zitzaion horregatik, itxura denez, eta errietan egiten omen zion: "iri eskola aundia ematen or aritu gaituk, eta orain eztiguk lanik batere egiten, bertso eskribitu besterik ez dakik eta!". Behar bada hala izango da, ez zela baserriko lanetarako langile aparta izango alegia. Baina bertsolari langilea izan zen. Erlijio-gaia duten bertso sortak dira ezagutzen zaizkion gehienak. Honen zergatia azaltzeko Antonio Zavalak hiru arrazoi ematen ditu: nagusiak agindu ziolako (maizterrak ziren), Tolosako Erretoreak agindu ziolako, eta bere barruak hala agintzen ziolako. Dena den, bestelako bertsoak ere jarri zituen baina gutxi batzuk izan ezik ez dira ezagutzen. Itxura denez, erlijio-gaia zutenei bere izena beti jartzen zien, ez ordea istilurik ekar ziezaieketenei: neska-mutilen arteko bertsoei, gerra garaikoei… 1858koa da ezagutzen zaion bertso-sorta zaharrena, eta orduz gerozkoak erlijio-gaikoak dira ia denak, baina segurutzat jotzen du Zavalak lehenago idatziak izango zituela.

Bere bildumako bertso-sorta bat ekarri behar orri hauetara eta, ustez, gutxien landu zuen estilokoak hautatu ditugu. 1886an jarritakoak dira etxekoandrearen tratuarekin gustura ez zegoen morroi baten enkarguz. Baserrian lan asko, jan gutxi…

Morroiarenak

  • Doinua: Ezkondu eta ezkongai
  • Neurria: zazpi puntukoa

1
Morroitzan nago serbitzen,
egon zaitezte aditzen
zer estadutan gabiltzen;
etxekoandria nagusi dala
etxian zait iruditzen,
ikasi degu bizitzen,
zorri galantak azitzen
ta gosea padezitzen.

2
Neska koxkor bi baditu,
beti kalera segitu
ta etxia gaizki serbitu.
Esne, arraultzak ta laboriak
geienak saldutzen ditu,
bere gustua kunplitu,
ondo jan eta orditu,
gu exkax utzitzen gaitu.

3
Gu ara eta onera,
oitik jaiki ta lanera
egunero juaten gera;
gosetu eta nekatutzian
bagatoz etxe aldera,
sartutzian sukaldera,
errietan txit aurrera
itotzen asten da bera.

4
Urik ere eztaukala,
egurrak falta dirala,
zer egingo duen ala!
Dana bestiak plantatu bear
bera geldik daguela;
gosaria ez bereala,
errietan dauka gala,
danok jan nai zekiela

5
Ura esnetan galanki,
irinik ez nai eralki,
koziñan orrela daki;
talo beltza ta esne ur-duna
gure jateko ta jaki,
bost mireriya ta plaki,
exeri orduko jaiki…
Ez gaitu mantentzen gaizki!

6
Goiza pasatu orretan,
gero neke gogorretan,
basuan edo lurretan;
olio gabe babarruna jan
irurak edo lauretan,
gaztaña ustelak gauetan,
beintzat aspaldi onetan,
indar degu belaunetan.

7
Aizia pranko badegu,
soinuak jotzen ditugu,
ta ankak nagi dauzkagu;
sentidurikan ez da agertzen
ez uda eta ez negu,
baja-marrian gaude gu,
ibilli bear badegu,
badegu zenbait kastigu.

8
Lotsatzen gera kanpuan,
ganadu illak kolkuan,
inork ikusitakuan;
bizkarrari maiz eragiñ behar
zerbait berotutakuan,
emakumia tratuan,
oiak zikiñak zokuan
dira oraindainokuan.


9
Zaartu ezkeroztik gu,
lan txar asko datorzkigu,
probatuta dakizkigu;
garbitasunik egin ez eta
zorriak sortzen zaizkigu,
inork kentzen ez dizkigu,
gurekin darabilzkigu,
badegu zenbait kastigu.

10
Jatordu eskax jakiña,
nik inoiz arraultz gordiña
goizian goiztxo egiña;
aiek billatzen egiten ditut
ixilikan alegiñak,
sospetxa atso sorgiñak,
ipurdiak ez ariñak,
galtzen du jaiki-eziñak.

11
Nik dadukadan klasia,
azkuria ta gosia,
ta urtia berriz luzia;
ta morroiari komeni zaio
al badu kunplitutzia
ta soldata kobratzia,
orretan dago trantzia,
ez litzake on galtzia.

12
Etxekoandria barkatu,
ez det izenik markatu,
bestela bapo koplatu.
Jaun Zerukuak gaitzala arren
danok erremediatu;
orra egiak kontatu
eta bertsoak plantatu
nai dituenak kantatu


Altzo.net © Altzoko Udala  · Altzoko Emparantza, z/g 20268 Altzo (Gipuzkoa)  ·  Tel.: 943 65 24 13
altzo@udal.gipuzkoa.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA |