castellano | Web mapa  
  HERRIA
 Hemen zaude:   Sarrera »  Altzoko Herria »  Altzotar ezagunak »  Ixo-ko Joxe Antonio, Pelotari pelotazalea
 
 
 
 
 
 
 
»

Ixo-ko Joxe Antonio, Pelotari pelotazalea

Donostia çaldean Joxean deitzen diote baina ezagutzen dugun altzotarrontzat "Ixo"-ko Joxe Antonio izan da beti. Bera izango da Altzok eman duen pelotari bizkorrena. Pelotari profesionala izan zen hogei urtez (1973-1993), eta berrogei urtetik gora gabiltzanak gogoratzen dugu oraindik eskuz "manimano" bigarren mailako Txapela jantzi zueneko hura, Frailetako omenaldia-eta…

Joxe Antonio Unsain Iraola, Altzon jaio zen, Irisoro (Ixo) baserrian, 1954ko urriaren 4an, eta bertan bizitu zen 22urte arte. Ama du Ixokoa. Aita aiarra zen. Ikasketak, lana eta beste arrazoi batzuk tarteko Donostiara joan zen bizitzera gero. Gaur egun Donostiako Egia auzoan bizi da, emazte Koro, Estitxu eta Gartxot seme-alabekin. Altzoko bidea ez dauka ahaztua, ia astero egiten du Ixora bueltaren bat. Lasarteko "Landaberri" ikastolan ari da lanean, gorputz-heziketa irakasten. Ordu asko eskaintzen dizkio orain ere pelotari, Ikastolen.

Pelotari bidean, zer gogoratzen duk hasierako urte haietaz?

Altzoko eskolan ibili ninuan 11 urte arte. Guretzat ez huan beste jolasik: gordeketa, azkoketa… eta pelota. Gainera, garai hartan "Frailetan" jaiero sekulako festa izaten huan: "gramola" jartzen zien martxan eta inguruko jende guztia hor biltzen huan festa giroan, eta pelota, festa horretako parte inportantea izaten huan. Horrezaz gain, Ixo frailetako frontoitik oso gertu zegok, eta nik edozein tarte aprobetxatzen nian han aritzeko. Laguntzeko ere beti izaten huan bat ez bada bestea -

Pelotak festarekin eta jolasarekin lotura estua zian orduan?

Bai, hori duk. Eskolako tarteetan eta ondoren ez huan ia beste jolasik. Igandea edo beste edozein jai egun etorri eta, meza ondoren, pelota; arratsaldean bezperetara joan eta, gero, pelota. Horretan ibiltzen ginuan jo ta su. Jaietan-eta, zaharragoak ere hor aritzen hituan. Hau ere inportantea duk: zaharragoekin aritzea izaten huan gure ilusioa, hantxe jarri begira eta noiz utziko ziguten guri ere jokatzen, zai-zai. Orduan gutxi edo gehiago denak jokatzen zien ondo samar pelotan. Guk, Ipintzako Damaso zanari-eta, Oiarbiko Jexuxi-eta, Izarreko Joxe Manuel Odriozolari-eta… horiei begiratzen geniean. Oso ondo jokatzen zitean.

Pentsatzen al huan pelotari izatean?

Etzekiat. Hamalau urterekin lanean hasi ninuan Alegiko Brontzilloren harategian. Ni kozkortua nengoan ordurako, eta lehen esandako giro horren barruan pelotan dexente trebatua. Brontzillo eta hauen inguruan ez huan dena jolasa izaten; edozein aitzakia nahikoa zitean apusturen bat egiteko: haiek egin apustua eta guk jokatu, txuletaren bat-edo emango zigukean gero eta... Baditiat garai hartan horrela jokatutakoak. Gogoan diat bat Ikaztegietako "Txingola"ren kontra jokatua hamabost urte nituela, Legorretan. Beste bat ere badiat gogoan, ordurako jubenil kategorian jokatzen hasia ninuan: Alegiko errotako Manuel panaderok nafarren batzuei egin zieken apustu, ekartzeko nahi duten pareja Nafarroatik Amondarain eta bion kontra jokatzeko. Baita ekarri ere: Julian Retegi eta Eskudero. Alegin jokatu huan partidu hau eta 22-8 galdu genian. Pasara ederra hartu genian. Hala ere, gogo-gogoan, aurreneko "apustua" diat: Zunarko Ramontxoren kontra jokatu nuena: mutikoa ninuan ni, eta txuletaren bat-edo emango zigukean gero eta... Baditiat garai hartan horrela jokatutakoak. Gogoan diat bat Ikaztegietako "Txingola"ren kontra jokatua hamabost urte nituela, Legorretan. Beste bat ere badiat gogoan, ordurako jubenil kategorian jokatzen hasia ninuan: Alegiko errotako Manuel panaderok nafarren batzuei egin zieken apustu, ekartzeko nahi duten pareja Nafarroatik Amondarain eta bion kontra jokatzeko. Baita ekarri ere: Julian Retegi eta Eskudero. Alegin jokatu huan partidu hau eta 22-8 galdu genian. Pasara ederra hartu genian. Hala ere, gogo-gogoan, aurreneko "apustua" diat: Zunarko Ramontxoren kontra jokatu nuena: mutikoa ninuan ni eta.

Zenbat urte hituen lehen aldiz zuriz jantzi hintzenean?

Hamasei urte. Añorgan jokatu nian Alkizako Aranzabe pareja nuela. Jubeniletan egin nituen bi urtetan, berriz, Ibarreko Amondarainekin egin nian pareja ia beti. Profesionaletara pasa aurretik beste parejarik ez nuela izan esan zitekek. Garai horretan Otamendi abaltzisketarra, eskuz profesionala izan huan hau ere, eta Fede Arribillaga (nafarra duk hau, palan punta-puntako profesionala izana) izan genizkian kontrario handienak -

Gero afizionatutara…

Ez. Nik afizionatu kategorian ez nian jokatu esateko. Eskulari enpresa sortu huan orduantxe, eta 18 urte nituela debutatu nian profesionaletan -

Hemezortzi urtekin pilotari profesionala?

Bai, bai. 1973ko azaroaren 4an jokatu nian nire lehen partidua profesional bezala, 18 urte bete eta handik hilabete juxtura. Lodosan izan huan eta oraintxe balitz bezala gogoratzen diat partidu hura. Nik Leiba nian aurrean eta Marin eta Soroa II genizkian kontrario. 22-21 galdu genian ia partidu osoan irabazten joan eta gero. 3.000 pezeta kobratu nizkian. Diru asko huan ordurako, ikaragarri! Aste guztia lanean arituta ez nian diru hura irabazten -

Lanean jarraitu al huan?

Pelotan hasteak utzita nituen ikasketei berriz ekiteko aukera eman ziaken. Kirol majisteritza ikasi nian eta bukatu eta laster hasi ninuan Lasarteko ikastolan. Bizitzan hartu dudan erabakirik onena hartu nuela uste diat: pelotatik bakarrik bizi nitekean momentu hartan, baina ez ninuan horrekin itsutu; zentzu osoagoa eman ziok nire bizitzari beste langintza eta gizarteko arazoekin konpajinatzeak. Arazo batzuk sortu zizkiaken horrek: lana ezin utzi eta aste egunetan ezin partidurik jarri… baina nire erabakirik onena izan duk -

Urte asko baino lehen hire garaipenik sonatuena lortu huan: bigarren mailako txapela.

1977an izan huan hori. 22 urte nitian. Oionen jokatu huan finala, eta Altzotik jende dexente joan zela gogoratzen nauk, pankarta eta guzti. Alberdi nian kontrarioa. Eskuz esku ona huan, munduko txapelduna izana huan afizionatutan, eta bera atera huan faborito. Partidua hasi ere bide horretatik hasi huan: lehen sakea berak hartu zian, eta aitaren batean 13-0 jarri huan aurretik. Ez nian etsi, jendeak ere asko laguntzen zian, eta 18-10 izan huan bere azken bentaja. Sakea hartu eta zuzenean joan ninuan 22ra. Sekulakoa. Txapelketa inportantea huan orduan, gaur baino garrantzi handiagoa ematen zitzaioan -

Gero, omenaldia frailetan. Gogoan diat, bazkaria, oker ez banago, "Errota" jatetxetik ekarri zitean, frailetako soziedadean berotu eta… Fermin "Errota"koa bere oihu xelebre horrekin hara eta hona…

Begien bistan zaukat, Fermin ez, egun hura. Frailetako frontoia jendez gainezka, soinujoleak, bertsolariak. Eskerronez gogoratzen diat egun hura, nola ez bada! (begietara erreparatu besterik ez dago halaxe dela jabetzeko). Maiatza huan. Horregatik eta gure aita zana, gaixo zegoan ordurako, gau hartan oso gaixo jarri zelako diat gogoan egun hura. Egun gutxitara hil huan -

Hire pilotari bizitzan garrantzitsua izango huan bada txapel hori?

Hori zela-eta laster hasi ninuan lehen mailako partiduak jokatzen. Antton Maiz, Gorostiza, Lajos, Martinikorena… hituen gure enpresako atzelari onenak; aurrelariak, berriz, Bergarilla, Bengoetxea III, Pierola eta horiek. Hiru bat urtez aritu ninuan maila horretan. Gero, berriro bigarren mailan aritu ninuan ia erabat. Lehen mailako txapelketa ere bi urtez jokatu nian: 1979an Erostarberi irabazi eta Julian Retegirekin jokatu nian bigarrena. Aidean irabazi ziaken. Urte hartan irabazi zian Julianek bere lehen txapela. 1980an, lehen partidua galdu egin nian Aldazabal II-ren kontra. Hor bukatu huan "maimano"ko nire ibilia profesionaletan -

Zer falta izan zitzaiken lehen mailako pilotaria izateko?

Eskubiarekin koadro bat gehiago jotzea. Motz samar geratzen ninuan eskubi golpearekin. Ezkerrez segurua eta golpea ere dexentea nian eskubia izateko. Enpresak ere ez ziaken konfiantza gehiegirik eman… Baina arrazoi nagusia lehen esandakoa duk: koadro bat gehiago eta gehiagotan jotzea falta zitzaiaken -

1993an jokatu huan hire azken partidua profesional bezala. Hogei urteko ibilia utzi duk atzean. Begiratzen diokenean, zer ikusten duk?

Herri eta frontoi asko, lagunak han eta hemen.

Pelotari eta pertsona bikainak, denean bezala, denetik. Pelota profesionalen estruktura, konplexua duk hau… Gauza asko ezagutzeko aukera eman zidak ibili horrek. Eta ahaztuko ez ditudan momentuak ere bai -

Eta aurrera begiratzen duanean?

Ikaspilota proiektuan sartuta natxiok buru-belarri. Borroka latza zaukagu hor: pelota ez duk kirol bat gehiago, gure kirola, gure kultura, herri bezala bereizten gaituen alderdi bezala ulertu behar genikek, baina ikuspegi hori gero eta galduagoa zaukagu. Pelotarekiko bezala gure-gure dien beste zenbait kirolekiko. Lan asko zaukagu hori berreskuratzen -

********

Hitz jario aparta duen mutila da Joxe Antonio. Luze hitz egin dugu pelotaz, lehengoaz eta oraingoaz. Gaurkoa indartsuagoa, azkarragoa dela dio. Ordukoa teknikoagoa zelakoan dago. Materialaz, prestakuntzaz… Pelotan hasten dien haurrak, jolasean ezi beharrean jokoan hezten ditugula da bere ustea, irabazteko bakarrik, eta kalterako dela dio, hor ikusten baitu teknika galeraren arrazoia. Material azkarra eta pisutsua erabiltzen da; gorputzez iristen ez denak ez dauka zer eginik, eta horiek dira gaurko ereduak. Eliz pareteko pelota jolas ordu haien inbidia ikusten dut bere begietan. Kontuan hartzeko kontu asko utzi dugu orri hauetatik kanpo leku faltan: gogoetak, partiduak, gertaera xelebreak… Eskuartean daukan proiektuaz ari denean, distira berezia hartzen dute bere begiek. Bizi ditu bere fama txiki garaiak, ezagutu du frontoiaren eskaparatea, baina orain etorkizunari begira ari da lanean, lan isilean. Ez dute askok egiten hori. Eta gutxi direlako horrelakoak, bego hemen, urtekari honetan, gure aitortza: pelotari pelotazalea da Ixoko Joxe Antonio.


Altzo.net © Altzoko Udala  · Altzoko Emparantza, z/g 20268 Altzo (Gipuzkoa)  ·  Tel.: 943 65 24 13
altzo@udal.gipuzkoa.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA |