Baserriaren etorkizuna, guztion erantzukizuna
Marta Agirrezabala, Gipuzkoako EHNEko Idazkari Orokorraren iritzia (2000. urteko Urtekaritik)
Altzoko Kultur Batzordekoek baserriaren oraina eta geroaren inguruan iritzi bat emango ahal nuen eskatu zidaten. Egia esan ohore bat da niretzat aldizkari apal bezain herrikoi honetan nere iritzia eman
ahal izatea. Baina hara non datorren nere lehen galdera, Altzoko baserritarrek diotena entzun (edo irakurri) ondoren zer gehiago esan dezaket, beraiek baserriaren arazoaren erdi-erdian jotzen dutenean egunerokotasunetik eta bizibidetik hitzegitean? Hain zutabe estuan bururatzen zaidana da, beraiek egunero bizi dutenaren arrazoien klabeak deskubritzea, sakontzeko ez bait du aukerarik ematen eta baserritar talde honek dioena herritar orori lagungarri suerta dakiokeen, bere egin dezan eta partaide senti dadin.
Horrela ba, garaiak aldatu dira, bai, baina zergatik pasatu da baserria bizibide izatetik lagungarri izatera edota ofizio hori alde batera uztera?. Konbentzituta nago, oraindik ere altzotar askok (herri txikietako askok bezalaxe) baserria eta lurrarekiko lotura oso erroturik dutela, baina arazoa da baserritik bizibidea ateratzea egunetik egunera zailagoa dela eta bokazio eta indar handia behar dela. Hori zergatik gertatu den? Baserritarrek arrazoiak garbi asko eman dituzte: errentagarritasun falta, lotura,... Eta honen atzean dagoen arrazoi nagusia mundu mailan ezarri diren politika suntsitzaile eta kontsumistak gu guztiongan izaten ari diren eragina (dena merkantzia bat da, dena erosteko eta saltzeko da, eta zertarako eta haundi-mandi batzuek munduaren jabe izateko). Kontzeptu hau oso sakona da eta asko hitzegin daiteke, baina gakoetako bat hortxe dago.
Baserriak ba al du etorkizunik, eta nondik eta nola lagun genezake? Baserritarrek dioten bezelaxe, oraindik errekonbertsio oso bortitza jasaten ari da baserria eta ondorengo 10-15 urtetan horren eraginak ikusiko dira nekazaritza politika ez bada aldatzen. Gutako bakoitzak ere badugu erantzunkizunik egoera honen aurrean. Beraz, udala, baserritar eta herritarron artean ekonomia lokala garatzeko bidea lantzean legoke beste gakoetako bat. Horrek benetako inplikazioa eskatzen du denen aldetik, baina aldi berean oraindik eskuetan dugun aberastasun haundi bat (besteak beste elikagaien segurtasuna) jorratzeko ahalmena ematen digu. Bigarren aspektu hau inoiz baino motibazio handiagoarekin hartu beharko genuke gainera, eskuartean egunero ateratzen ari zaizkigun elikagaien eskandaluak direla eta. Beraz, guztion erantzunkizuna eta erronka da aurrean duguna.