Baserri langintza gaur
Baserria Altzon
Orain ez hainbeste urte arte, Altzo, baserritar herria zen soilik. Herriko zaharrenek gogoan izango dituzte, herritar ia guztiak baserritik eta baserrirako bakarrik bizi ziren garaiak: ganadua, oilategia, txerriak, soroak, sagastiak, basoak… Industrializazioarekin, fabrika eta bestelako lantegiekin (Altzon bertan, kaolin meatzeak herriko askori eman zien lana), beste ate bat ireki zitzaien: baserriak bizitzeko lain ematen zien, baina gero eta diru gehiago behar den gizarte honetan lagungarri ziren lantegietako xoxak; horrezaz gain, gizarte segurantza eta pentsio kontuetarako ere fabrikan lan egiteak errenta gehiago zekarren. Gazteei bestalde, baserria baino erakargarriago zitzaien kale-lantegietako plana: ditu garbia, denbora librea… Horrela, poliki-poliki, hasieran lagungarri zena, askorentzat, bizibide nagusia izatea igaro da egun, eta bide hori aukeratu dugu herritar gehienok.
Oso gutxi dira egun baserritik bakarrik bizi direnak Altzon, eta begi bistako da herriko lehen bizibidea izan denaren beherakada. Egoera honetaz, dituzten kezketaz eta egon daitezkeen irtenbideetaz hitz egiteko elkartu gara herriko zenbait baserritarrekin, eta orri hauetara ekarri ditugu beren iritziak.
Nahiago izan dugu, bere horretan, bere gordinean uztea: irakurri eta atera kontuak, elkarrizketa baten bidez (2000. urteko Urtekarian argitaratua)
Baserritarrekin solasean
Joxe Manuel San Sebastian: - Baserria hustu ez da egingo Altzon; gero eta zailagoa da hortik bakarrik bizitzea, baina bakoitzak zainduko ditu bere lurrak. Eta norberak ezin badu, beti izango du norbait belardi horiek behar dituena eta garbituko dizkiona.
Joxe Luis Irizar: - Ez dut nik hori hain garbi ikusten; baserri asko, askotxo, ikusten ditut nik jarraipen garbirik gabe, eta hori kezkagarria da. Norberak bereak txukuntzeko nahikoa lan duenean, zaila izango da besteenen kargu egitea. Badago beste gauza bat, nire ustez kezkagarria: lanerako terreno on asko ez dira lantzen dituen baserritarrenak, errentakoak baizik, eta honek beldurra sortzen du edozein inbertsio edo apustu berri egiteko orduan.
Fermin Murua: - Baserria esplotazio gisara gaizki dabil leku guztietan, eta Altzon ere bai. Aldaketa garaian ote gauden da nire ustea. Orain arte, nik gogoan dudan garaian, esne-behitara dedikatu da batik bat Altzoko baserritarra. Gero eta zailagoa da esnetik bakarrik bizitzea, eta, lehenaz gain, aukera berriei begira jartzen ari da jendea: lehen bezala, gauza klase gehiago egin; haragitako ganadua jarri eta lantegiren batean lana topatu…
Esne-behiak, haragi-behiak… behi eroak…
Joxe Luis Irizar: - Ganadu kontua izugarri gaizki dago. Lehen gaizki, eta orain behi eroen kontu txar honekin oraindik okerrago.
Joxe Manuel San Sebastian: - Sekulako kaltea egiten ari zaigu kontu hau, ikaragarria! Nik zera esaten dut,
behi erotu batzuk azaltzea ez dela harritzekoa. Pertsonak milioika gaude erotuak, eta behi bakan batzuk azaldu dira. Guk kutsatuta, noski!
Fermin Murua: - Kalte handia egingo digu, dudarik gabe. Baina aurretik ere ez zeuden gauzak ondo. Oso gaizki esango nuke. Atera kontuak: orain 20 urte, 30.000-40.000 pezeta tartean saltzen zen 15 eguneko esne-txekor pintoa. Gaur, 18.000 pezetatan saltzen dugu.
Joxe Luis Irizar: - Bai, eta txekorra 600-650 pezeta kiloa saltzen zen orain 20 urte. Gaur, berriz, 600 pezetaren azpitik saltzen da, eta ederki kostata. Eta behi-eroen kontu horren aurretik ere, honela zen kontu hau.
Miel Amiano: - Gu bitara aritzen gara, behietara eta arditara. Behien kontuak esan dituzue, baina ardiena ez dago hobeto: gazta ondo saltzen ari da, baina gainerakoak… Esate baterako: arkumea kiloko 900 pezetan saltzen zen orain 15 urte, gaur 700 pezetan saltzen da eguberrietan, ondoen ordaintzen den garaian; ardi-ilea 40 durotan egon da, gaur 5-7 durotan saldu ezkero, gustora. Gazta da ondo saltzen dena, baina exijentziak ikaragarriak dira.
Joxe Manuel San Sebastian: - Gauzak horrela dira bai. Gauza guztietan bizitza garestitzen ari da, edozer gauza erostera goazenean gero eta gehiago ordaindu behar dugu, eta, bitartean, gure produktuak gero eta merkeago saldu behar ditugu. Konponbidea: gehiago produzitzea, eta horrek ekartzen ditu komeriak.
Bertako produktuak… Gizartearen hipokresia
Fermin Murua: - Kontua bai, ugari esaten du jendeak. Denei gustatzen zaie bazterrak txukun ikustea, aldian behin etorri eta behiak, ardiak eta abar larrean ikusi eta natura goratzea: ze polita! Baina nork errekonozitzen du benetan baserritarron lana? Nork erosten ditu aukeran jarrita bertako produktuak? Errazagoa da, eta konprenitzekoa, zentro handi batea joan eta aste osorako esnea erostea; egosi beharrik ez gainera, eta galtzeko arriskurik ere ez. Baina horrezaz gain, hipokresia handia dago: jendeak konprenitu behar du, guk lanean jarraitzekotan, irteera on bat izan behar dutela gure produktuek, erosi egin behar direla, eta bere prezio justuan ordaindu. Guk ezin dugu konpetitu ikuilu industrialekin. Bertakoa eta sanoa da egin genezakeen eskaintza. Baina jendea pronto al dago gero hori garestiago erosteko? Ezetza da erantzuna, eta horrela den bitartean gure etorkizuna gero eta beltzagoa izango da.
Aldaketa…?
Joxe Manuel San Sebastian: - Lehen soroa asko lantzen zen; baratza puska dezentea ere bai. Babarruna, artoa… Garia egiten zen garaiak ere ezagutu genituen. Ia dena etxerako. Baina gaur ze soro landu behar dugu. Hemengo babarruna? Egindako guztia saltzen omen da, eta prezio onean, baina esku-lan ikaragarria du.
Joxe Manuel Murua: - Baratza izan behar du oso ondo doana, eta Altzok baditu leku apropos askoak, erreka ondo horiek-eta.
Joxe Manuel San Sebastian: - Edozer dela ere, gure mentalitatea da lehendabizi aldatu beharko genukeena. Ganadutara ohituak gaude, eta beste mundu bat da hori. Aldaketa ikaragarria eskatzen du.
Fermin Murua: - Erabat gauza bakarrera zaila eta arriskatua da. Lehen hala zen, eta orain ere hala delakoan nago. Aukera bat baino gehiago lantzen jarraitu beharko dugu: behiak, oilaskoak, oiloak, sagastiak… basoa. Hamaika estuasunetatik atera gaitu basoak. Ez dut esan nahi bakarrera jo ez daitekeenik, baina arrisku handiak ditu.
Joxe Manuel San Sebastian: - Eta, gure lan honetan, bi eta bi ez dira beti lau izaten! Baina lehengo hartara bueltatzea ezinezkoa da. Orain 40 urte bizitzeko lain egiten zen; etxean egiten zena, gehiena etxean bertan jateko, eta gainerakoa ferira. Hala bizitzerik balego gaur, konformidade harekin…!
Denbora: lotura, askatasuna…
Joxe Luis Irizar: - Baserria lotua da. Jai eta aste, hor ez dago deskuidatzerik. Eta lan-golpea datorrenean, udaran-eta, zer esanik ez. Beste leku denetan lan-jornada 35 ordura jaisteko eskatzen ari dira. Guretzat ez du hori inork eskatzen eta exijitzen.
Joxe Manuel San Sebastian: - Bai, hori hola da. Baserritarra beste edozein langilerekin konparatuta oso lotuta bizi da; ganadutara ari denentzat, behintzat, oso lotua da. Bere alde ona badu halere, niretzat behintzat: askatasuna, besteren menpe ez egotea. Norbera berekasa, bere martxan aritzea gauza ederra da. Gorputza nekatu bai, baina buruz lasaiago ibiltzen naiz
lantegian baino. Eta bazkalondoko siesta ez dit inork kentzen!
Fermin Murua: - Bioi ematen dizuet arrazoi. Horregatik jarraitzen dugu batzuk. Horregatik eta egiten duguna gustukoa dugulako, ezta? Eta zergatik ez esan: lurra maite dugu, eta geure ahalmenen neurrian, bera zaintzeko konpromisoa ere sentitzen dugula uste dut.
Etorkizuna: mentalitate aldaketa…
Joxe Luis Irizar: - Benetan inporta bazaio jendeari egiten duguna, eta ingurua eta bere itxura zaintze aldera egiten duguna estimatzen bada, lagundu egin behar zaigu. Nolako laguntzak? Nire ustez, lantzen diren terrenoen araberakoa beharko luke. Udalak ere lagundu dezake. Lehengo urtean belar-bolak egiteko makinaria erostea esate baterako oso inportantea izan da, eta estimatzen dugu jarrera hori.
Fermin Murua: - Hori izan daiteke bide bat. Nire ustez esplotazio motari ere (esne-behiak, haragi-behiak, ardiak… soro, baratza, sagasti…) erreparatu beharko litzaioke. Baina denaz gain nik gauza bat eskatuko nieke laguntza tipoak-eta erabakitzen dituztenei: baserritarrei kasu gehiago egiteko! Gu gara lan hau eta honek dituen komeriak ezagutzen ditugunak, eta gehienetan ez zaigu galdetu ere egiten. Eta guk ere badugu zereginik: elkartu, lanak erraztu eta gastuak gutxitzeko moduak bilatu (makinariak erosi eta horiei probetxu hobea ateratzeko)… Egiten dugunari errenta hobea ateratzeko modu egokiak bilatu, alegia. Elkartzea da niretzat soluzio bat, baina mentalitate aldaketa eskatzen du horrek ere.