| |
| » |
 |
|
 |

Kanpora joandako altzotarrak
2001eko Urtekaritik ateratako testua
Gaur egun etorkinei buruz sarri mintzo gara Euskal Herrian, izan ere, geroz eta gehiago baitira Hegoaldetik abiatuta Iparraldera, guregana, zerbait hobeagoren bila datozenak. Horrela dabiltzanak, ez dago esan beharrik, arrazoi sakonak dituzte; azken finean, beraien bizi iraupena baitago jokoan.
Ez litzateke txarra jakitea zer gertatu izan den historian zehar munduan eta batez ere gure inguruan, ez baita oraingoa pertsona, alde batetik bestera zerbait hobeagoren bila edo nahian mugitzen hastea.
Urtekari honetan horixe bururatu zaigu, alegia ea zenbat altzotar atera izan den gure herritik, bere bizimodua aurrera ateratzeko ahaleginean edo beharrean. Ideia bururatutakoan, bat, bi, hiru edo lau izen geneuzkan gogoan, baina jendeari galdetu, edo artxibategiak begiratu, eta Altzo bezalako herri txiki batetik, zerrenda luze samarra agertzen zaigu.
Hasiera hasieratik esan behar da, gainera, aipatzen dugun zerrenda honetan hutsuneak egongo direla, gezurra badirudi ere azken 100 urtetik honako kontuak dira ia denak, eta tamalgarria bada ere oso gauza gutxi dago jasota gai honi buruz artxiboetan, udaletxean... eta abarretan. Beste askotan bezala herriko zaharrengana jo behar izan dugu, eta beraiek kontatutakoa kasu batzutan, eta entzundakoa beste batzutan izan da gure lanaren oinarria.
Iturri zehatzak ez erabiltzeak bere arriskuak ditu, eta lehenago aipatu bezala ia-ia ziur gaude pertsona gehiago ere izango zirela Altzotik joan zirenak bere garaian. Beraz, horrelakoen aurrean, gure barkamenak eskatu beharrean egongo ginateke.
Hori esanik, has gaitezen joan ziren batzuen aipamenak egiten.
Kasurik
gehienetan saiatu gara datu batzuk bilatzen, nongoak ziren, noiz jaioak, nora emigratu zuten... eta nahiz eta gure nahia elkarrizketa gehiago egitea izan, benetan zaila edo ezinezkoa egin zaigu nahi genuen guztiekin egotea. Halere, ikus eta irakurri dezakezue alor horretan burutu duguna.
KANPORA JOANDAKO ALTZOTARRAK
- PEDRO MAIZ ETXEZARRETA: Izarrekoa, Martin Maiz eta Katalina Frantziska Etxezarreta-
ren semea. Artxiboko datuek diotenez Kubara, Habanara joan omen zen, hain zuzen. Aipatzen den data 1849. urtea da.
- JOXE MARI KAMINOS: Amategikoa, Sasiain baserrian ere egon zena dirudienez. Dirudienez Ameriketara joan zen, ez dugu zehaztasun gehiago. Jaiotza datuak bilatzerakoan, Joxe Gregorio Kaminos Jauregi ageri da, 1900. urtean jaioa. Bere gurasoak Joxe Antonio Kaminos, Tolosakoa eta Mª Bautista Jauregi, Altzokoa.
- JOXE BERNARDO PEÑAGARIKANO GARMENDIA: Oletakoa, 1914. urtean jaioa. Gurasoak Juan Peñagarikano, Baliarraingoa eta Frantziska Antonia Garmendia Altzokoa
- MANUEL eta PATXI LIZARRIBAR JAUREGI: Artzadun Bitartekoak. Bi anaiak Venezuelara joan ziren. Manuel, 1911. urtean jaioa eta Patxi, 1919an. Beren gurasoak, Joxe Antonio Lizarribar, Altzokoa eta Paula Jauregi, Altzokoa.
- ANJEL, MIGEL eta MARIA ARTOLA VICITACION: Urkikoak. Hiru senideak Kanadara joan ziren. Anjel 1926. urtean jaio zen, Migel 1930. urtean eta Maria 1933an. Gurasoak, Joxe Manuel Artola, Berastegikoa eta Mª Dolores Vicitacion, Amezketakoa.
Aipagarria da Migel Artola sarritan etorri dela Altzora, eta beti izan duela kezka berezia elizako ordulariarekin. Etortzen den bakoitzean ahalegindu da ordularia konpontzen.
- TRINI, EMILIO, PEDRO eta MARGARI BERAKOETXEA GENAUT: Berakoetxekoak.
Trini 1925. urtekoa, Alegian jaio zen eta Frantzian bizi da, Dax herrian hain zuzen. Beste hiru senideak Venezuelara joan ziren. Pedro 1928. urtean Alegian jaio zen; Margari ere Alegian jaio zen 1929. urtean eta Emilio, berriz, 1938. urtean Altzon (Berakoetxean jaio zen). Beren gurasoak, Pedro Berakoetxea, Bilbokoa, eta Alegiako Katalina Genaud ziren.
- GARBIÑE MURUA
BERAKOETXEA: Berakoetxekoa, 1938. urtean jaioa. Gurasoak, Pedro Murua Sarobe, Zarauzkoa, eta Maria Berakoetxea Aranbarri, Bilbokoa, izan zituen. Venezuelara joan zen.
- RAMON ODRIOZOLA ARRUABARRENA: Izarrekoa. Gurasoak: Antonio Odriozola, Altzokoa, eta Maria Antonia Odriozola, Altzokoa. Argentinara joan zen oso gazterik.
- JOXEMARI ARANBURU ARANDIA: Jauregi Barrenekoa, 1895. urtean jaio zena. Argentinara joan zen 18 urterekin. Gurasoak: Jose Frantzisco Aranburu eta Juana Bautista Arandia.
- MARKOS ELIZEGI ALKAIAGA: Ipintzakoa, 1900. urtean jaioa. Argentinara joan zen. Gurasoak: Juan Joxe Elizegi eta Josefa Antonia Alkaiaga.
- JOXE MIEL eta JOSEFA MIKAELA URKOLA AGIRRE: Ipintza Txikikoak. Joxe Miel, 1897. urtean jaioa, eta Josefa Mikaela 1900ean. Gurasoak, Gabriel Urkola, Orendaingoa, eta Teresa Antonia Agirre, Altzokoa.
- BERNARDA, JOAKINA eta INAZIO IRAOLA IRIBARREN: Irisorokoak. Argentinara joan ziren. Bernarda, 1891. urtean jaio zen; Inazio, berriz, 1893. urtean. Gurasoak: Joxemari Iraola, Bidanikoa, eta Joakina Iribarren, Hernialdekoa.
- DIONISIO eta PATXI ALTUNA: bi anaiak Argentinan jaioak omen dira. Altzon urte asko igaro zituzten, Lizarribar etxean, hain zuzen.
|
 |
 |
|
|