Lan banaketa
Euskal Estatistika Erakunderaren 2000. urteko datuen arabera 115 herritar ari ginen lanean, etxeko lanetan ari direnak kontatu gabe. Baserri lanetan laguntzen dutenak ere ez ditu kontatzen Eustatek.
Ofizialki lanean ari garenotatik, batzuk herrian bertan egiten dugu lan eta kanpora joan behar izaten dugu beste batzuk. Kanpotik Altzora lanera datozenak ere badira ordea. Ikus dezagun oraingoan zenbat lanpostu sortzen den Altzon, zein sektoretan eta zein lanpostutan.
Altzon kokatuta dauden enpresetatik, lanpostu gehien sortzen duena Arterreka inguruko harrobia edo kantera da. Bertan dauden hiru enpresen artean ia 100 lanpostu sortzen dituzte. Beste 70 lanpostu sortzen dira Amategiko Tecasan. Horra, enpresak berak emandako datuen arabera Altzon sortzen diren lanpostuen zerrenda:
Enpresa (Kokalekua) Lanpostuak
Canteras de Altzo, S.A (Arterreka) 28
Calcinor, S.A. (Arterreka) 67
Canteras de Tolosa,S.A. (Arterreka) 4
Tecasa (Amategi) 70
Arelan (Amategi) 8
Meka lehen S.L. (Amategi) 3
C. Txarama S.L. (Amategi) 3
M. Irbe, S.L. (Amategi) 3
Irasi, S.A.L. (Amategi) 2
Odriozola kartoiak (Izarre) 1
Eraikuntza enpresa batzuren artean 7
Igeltsero profesionalak herrian 4
Garraiolari profesionalak herrian 10
Elektrizista profesionalak herrian 1
Pintore profesionalak herrian 1
Arandia jatetxe taberna 5
Nekazaritza-Abeltzaintza sektorean profesionalak 9
Beste zenbait profesional autonomo (mediku, aparajadore, etab) 3
Altzoko Eskolan irakasle eta laguntzaileak 4
Altzoko Udalaren langileak 5
Elordi Elkartea 1
Altzon sortzen ditugun lanpostuak multzoka sailkatzen baditugu hurrengo tarta zatiak agertuko zaizkigu. Sektore edo multzo bakoitzaren ehunekoak adierazten dira:

Ikusten den bezala, Industria da nagusi Altzon lanpostuak sortu behar direnean (% 79) eta Zerbitzuak datoz hurrena (% 12). Eraikuntzak lanpostuen % 5 sortzen du eta Nekazaritza-Abeltzaintzak lanpostu profesionalen % 4 besterik ez du betetzen.
Sektore bakoitzak sortzen dituen lanpostuak nola betetzen diren aztertuko
dugu ondoren. Ikuspegi honetatik begiratuta, Nekazaritza sektorea da orekatuena, Altzon sortzen diren 9 lanpostuak 9 altzotarrek betetzen baitituzte. Desorekarik handiena berriz, Industrian ematen da, herrian 189 lanpostu sortu arren, 37 altzotar ari dira sektore honetan. Ikus dezagun hurrengo taula eta grafikoa:

Datu hauek ikusita ondorio nagusiak hauexek lirateke: Altzon sortzen diren lanpostuak 239 eta altzotarrok betetzen ditugunak 115 izaki, altzotarrok betetzen ditugunak baino askoz lanpostu gehiago sortzen direla. Bestela esanda, altzotar guztiok herrian geratuko bagina lanean, kanpotik beste 124 langile etorri beharko luketela Altzon sortzen diren lanpostuak betetzera.
Sektore bakoitzaren gora-beherak honela agertuko zaizkigu grafikoki:

Nekazaritza eta eraikuntza alorrak nahiko orekaturik daude. Industrian, ordea, askoz gehiago sortzen dira eta Zerbitzutan, aldiz, sortzen direnak baino gehiago betetzen ditugu altzotarrok.
Beraz, eta ondorio nagusi gisa, lanpostuak sortzeko unean ere emankorra dugu Altzoko herria. Ez dago langabezirako arrazoirik, teorian behintzat.