Gurekin diren hegaztiak
Hontza Zuria

Entzun al duzue inoiz plazan gauez garrasi arraroren bat? Ba, ez da harritzekoa horrelako zerbait entzun eta gorantz begiratutakoan, farolen argiei esker, hegazti zuri bat hegaka ikustea. Hontza zuria (Tyto alba) dugu bera, gaueko erregina.
Eguna lotan ematen du eta gaua nagusitzearekin batera bere gordelekutik ateratzen da. Ikusmen izugarria du eta berari esker inguruko soro eta belardiak arakatzen ditu janari bila. Gizakiaren lagun fina dela aitortu genezake zer jaten duen kontuan hartzen badugu: sagu, satain, satitsu eta antzerakoak. Ehizakia harrapatu eta jan ondoren (osorik irensten du) pilota antzerako zerbait kanporatzen du. Pilota honi "egagropila" deritzo eta bertan azaltzen dira jan duen animaliaren hileak eta hezurrak. Gauzak horrela, nahikoa izaten da aipaturiko egagropilak aztertzea zer jan duen jakiteko.
Inoiz geldirik eta gertutik ikusi baduzue konturatuko zineten zein hegazti polit eta ederra den. Gorputzaren gainaldea horixka-laranja kolorekoa pinporta ugarirekin. Azpialdea, aldiz, zuri-zuria. Ezaugarri bezala aurpegian bihotz itxurako marrazki zuri bat dauka. Bere begi handi eta beltzek itxura fantasmagorikoa ematen diote. Tamainari dagokionez pagausoaren modukoa da gutxi gora-behera.
Eliz hontza ere deitzen zaio, ze, kanpandorreak eta antzerakoak ditu gustuko gorde eta kabia egiteko. Kumeek, handi samarrak direnean, sekulako hotsak ateratzen dituzte jan eske: "ssssssssss" bezalako doinu triste eta luzeak. Kontuan hartzen badugu kabia eliza, ermita, erretoretxe eta antzekoetan egitea gustatzen zaiola eta normalean inguruan kanposantua egoten dela, ez da harritzekoa bati baino gehiagori, anima galduen garrasiak entzuten ari dela iruditzea.
Zapelatza
Kotxez goazela bidetik barrena, bat batean konturatzen gara meta punta batean edo poste baten puntan edo argi indarreko kablean geldirik hegazti handi samar bat dagoela. Aurrera segitzen badugu ez da mugitu ere egingo eta han jarraituko du; aldiz, zer den jakinminarekin gelditu eta leihatila jaisten hasten bagara, bere hego handiak zabaldu eta alde egingo du. Zer hegazti zen hori? Zapelatza (Buteo buteo) da erantzuna.
Hegazti mardula dugu berau eta kolore marroi antzekoa du gainaldetik eta argiagoa azpialdetik.

Bat-batean poste punta edo kablea utzi, hankak luzatu eta hor doa lurraren kontra. Ehizatzen ari da. Honek ere sagu, satain eta antzekoak ditu gustuko, baina nahiko orojalea da, hau da, denetik jan dezake (musker, ziraun, suge eta abar). Fama txarra izan arren ez da hain gaiztoa eta beste hegazti batzuek egindako kalteak leporatzen zaizkio askotan. Adibidez, arrano txikiak txitoren bat eramaten duenean zapelatz gizarajoari botatzen zaizkio erruak, baina ez da bera izan. Hontza zuria bezalaxe, hau ere lagun handia dugu gure soro eta belardiak satain eta antzekoez beterik egon ez daitezen.
Neguko egun garbi eta eguzkitsuetan urruti samarrean "piuuuu" antzeko doinu luze batzuk entzun eta begirada zerurantz
luzatzen dugunean, han bi hegazti topatzen ditugu elkarri segika jolasean bezala. Zapelatzak dira udaberria usaindu eta amodiozko erakusketak jadanik elkarri egiten hasiak.
Garrapoa
Eguraldi ederra dagoena aprobetxatuz buelta bat eman dut baso aldetik. Handik nabilela norbaitek txistu egin dit. Haritz multzo batetik dator txistua baina inor ez dut ikusten. Berehala, berriro ere txistua entzuten dut eta bertaratzea erabakitzen dut txistuka ari dena nor den eta zer nahi duen jakiteko asmoz. Ailegatu naiz eta hemen ez dago inor. Nire harridurarako berriro txistua entzuten dut justu nire ondoko haritzean. Gora begiratu eta non ikusten dudan txori bat enborrean gora eta behera.

Tarteka gelditzen da eta mokokada batzuk ematen dizkio enborrari zerbait bilatu nahian balebil bezala. Berriro ere txistu egiten du. Txoria izugarri polita da. Pottolo antzekoa, dorretxori bat baino handiagoa eta birigarro bat baino txikiagoa. Kolore zoragarriak ditu. Goialdetik urdin antzekoa eta azpialdetik laranja kolorekoa. Buruan, begi parean, gauza berezi bat dauka, antifaz moduko marratxo beltz bat. Garrapoa (Sitta europaea) da.
Zuhaitzen azal azpian dauden zomorroez elikatzen da. Hor dabil berriro ere enborrean gora eta behera tarteka txistua joaz. Oraingoan hiru segidan jo ditu. Halako batean lurrera jaitsi eta lokatza dagoen toki batera joan da. Zer
egiten ari da? Badirudi lokatza jaten ari dela baina ez; bere mokoan lokatz zati bat hartu eta berriro zuhaitzera igo da. Enborrean gora doa eta bat-batean zulotxo baten ondoan gelditu da. Poliki- poliki, mokoan daraman lokatza hartu eta zulotxo horren bueltan eransten hasi da. Kabia du. Hegazti honek kabia enborretako zulotxoetan egiten du. Baina ezaugarri bat dauka, bere gorputzera egokitu arte zuloaren buelta osoa lurrez estaltzen du. Harrigarria, ezta? Hegazti hau horrelakoxea da. Aipatu beharra dago txori honek bizi ahal izateko, harizti, pagadi, gaztainadi eta antzeko basoak behar dituela. Garrapoak duen xarma bereziaz gozatzen jarraitu nahi badugu gure bertako basoak gorde beharko ditugu.
Kaskabeltza

Baratzan aza artean zerbait dabil; txori bat dela uste dut, baina ez dut ondo ikusten. Hegaka egin eta aldameneko sagarrondoan gelditu da. Inguratzen naiz ze txori mota den ikusteko, baina berriro aza artean sartu da eta ezin ezagutu izan dut. Berriro hegan egin eta sagarrondoan gelditu da. Mokoan zerbait ekarri du eta enborraren kontra hura jaten ari da. Orain ondo ikusten dut, beldar berdeska bat jaten ari da. . Nahiz eta geldi ez den egoten, ezaugarriak ondo bereizten dizkiot. Oso polita da. Burugaina beltza du; bizkarra, berriz, urdin/gris antzekoa. Bularraldea hori-horia. Moko azpitik atera eta bularralde guztia
zeharkatzen dion gorbata moduko bat dauka kolore beltzekoa. Dorretxori baten tamainakoa da. Kaskabeltza (Parus mayor) ikusten ari naiz. Badoa berriro ere aza artera. Oraingoan denbora dezente pasa du, baina hor dator beste beldar bat mokoan duela.
Gure artean txori ezaguna den arren, ez dizkiogu sekulan nahikoa eskertuko egiten dizkigun mesedeak. Kontuan hartu behar dugu, guretzat moxorro kaltegarriak direnak harentzat janari direla. Horrela, hainbat beldarrez elikatzen da, esate baterako pinu mozorroez (procesionaria).
Kabia egiteko atsegin ditu pareta zuloak, edozein lekutan dauden pareta zuloak. Bestalde, kabi-kaxak ere gustukoak ditu: toki egokian jarriz gero laster sartuko zaigu txori lirain hau. Gelditu gabeko karretoan ibili ondoren, kaxa, goroldio, ardi ile eta oilo luma txikiez beteko du. Segidan arraultzeak jarriko ditu eta udaberri oparoa izaten bada (jan asko baldin badago) ekainaren erdialdera kaxaren zulo txikitik, bata besteari segika, sei edo zazpi kume aterako dira.
Kaskabeltzak etxe ondoan baldin badabiltza, pozez egoteko arrazoiak ditugu, ze, alde batetik bere kantu samurrekin belarria gozatzen digu, bere liraintasunez bista alaitzen eta gutxi balitz, badakigu etxe ondoan inon den insektizida edo plagizidarik naturalena dabilkigula. Nork ematen du gehiago?
Sorbeltza

Uztaileko arratsalde bat da, eta zehazki zortziak dira. Eliz atzeko paretan pilota saio luze bat egin ondoren neka-neka eginda frontoi ertzeko belardian etzan naiz begirada gorantz zuzenduaz. Gorputzari "buelta" ematen diodan bitartean konturatu naiz han goran, zeruan, beste batzuk ere kirola egiten ari direla eta sekulako festakin gainera. Hegazti beltz batzuk dira, hegalak igitai modukoak dituzte eta abiada izugarrian dabiltza hara eta hona elkarri segituaz, lasterketa batean ari balira bezala. Asko dira, igoal berrogeita hamar eta elkarri segitzen
dioten bitartean garraisika dabiltza.
Halako batean bat elizako pareta aldera arrimatu eta bertan gelditzen da itsatsita bezala. Segidan, paretako zulo batean ezkutatzen da, berehala irten eta berriro hegan egiteko. Beste bat "direkto" sartzen da aldameneko beste zulo batean. Antzeko zerbait egiten dute beste zortzi-hamar hegaztik. Sorbeltzak (Apus apus) dira eta elizako paretetan kabiak dituzte. Tarteka kumeren bat kabitik erori eta errepidean edo plaza erdian azaltzen da mugitu ezinik. Airean denbora gehien pasatzen duen hegaztietarikoa dugu. Jan ere bertan egiten du, hegan doala harrapatzen dituen eltxo eta antzerakoak baitira bere janari.
Enararen antzekoak dira, baina ezberdinak. Hauek baino zertxobait handixeagoak eta beltz-beltzak (Enarak azpitik zuriak izaten dira).
Hegazti migratzaileak dira. Udaberrian etortzen dira. Hemen kumeak atera, eta negua pasatzera lurralde epelagoetara joaten dira. Datorren udaberrian berriro hemen izango ditugu, ez zaizkie bidea eta kabiak non dituzten ahazten. Ea ba datorren udan ere horrelako une gozoa pasatzeko aukerarik izaten dudan, belardian etzan eta lasai... gorantz begira.
Lertxun hauskara
Pinu punta batean zerbait zuri/gris kolorekoa ikusten dut. Urruti samar nago eta ezin dezaket bereiztu zer den. Agian "procesionaria"ren poltsa bat da, baina handi samarra iruditzen zait. Momentu batean mugitu egin dela iruditu zait. Zalantza honekin ezin dut jarraitu eta kotxera noa prismatikoen bila. Hara!, hegazti bat da. Tamaina handikoa, hankak, lepoa eta mokoa luzeak. Hobeto ikusteko asmoz gehiago hurbildu naiz. Konturatu da eta "krakk" antzeko garrasi bat atera ondoren hegatu egin da. Hegan doala beste itxura bat hartzen diot. Hankak nabarmen ikusten zaizkio luze- luzeak, atzera boteak. Lepoa, berriz, orain bilduta bezala darama eta mokoa ere nabarmen ikusten zaio.

Lehenago esan bezala, kolore grisaxkakoa da. Hor doa mantso-mantso Oria ibai aldera bezala eta halako batean bistatik galtzen dut. Lertxuna ikusi dut, lertxun hauskara (Ardea cinerea). Jendeak gartza edo koartza bezala ezagutzen du. Bere bizilekua ibai, aintzira, padura eta antzekoak dira. Horietan elikatzen da, eta gero atseden hartzera zuhaitzetara joaten da.
Nahiko taldekoia da eta ez da harritzekoa lau-bost bat ale zuhaitz berdinean geldirik ikustea. Esandakoa ikusi genezake, adibidez, Alegiatik Amezketara doan saihesbidearen alboan dauden zuhaitzetan Altzoko partean. Aipatu bezala, ibaietan jaten du. Ertzean jartzen da geldi-geldi uretara begira, eta zerbait mugitu orduko, zast! botatzen du bere moko luzea arpoi bat bailitzan. Askotan huts egiten du baina berriro saiatzen da harrapakina lortu arte. Eta zer jaten du? Zapo, igel, gaixorik edo ahulduta dauden arrainak eta abar. Garai batean gure ibaiak (Oria) erabat kutsatuta zeuden eta bertan ez zegoen inolako bizirik. Gaur egun egoera hobetu egin da eta nahiz eta erabat garbia ez egon, bertan bizia dago. Araxes ibaia ere hor daukagu. Bata zein bestea erabiltzen ditu gure hegaztiak. Gure ibai eta errekak zaintzea lertxuna zaintzea da.
Hona hemen sei hegazti mota gurekin Altzon bizi direnak. Askoz gehiago bizi dira baina oraingoz sei hauek hobetoxeago ezagutzea zerbait badela iruditzen zait.
Ikusi dugunez beraiek guri, guk beraiei baino askoz gehiago ematen digute. Beraiek ezagutu eta errespetatzea denon lana da.