Euskara Plangintza
Altzoko Udalak euskararen egoera eta erabilera arautzen duen Euskararen Udal Ordenantza onartu zuen 1989an.
Horrez gain, Altzoko Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da. Estatutuetan honela adierazten da helburu orokorra, besteak beste: udaletxeko barne jardueran eta udalerriko esparru guztietan euskararen erabilera areagotu eta bultzatuko du.
Horiek horrela, UEMAk plangintza bat abiatzea erabaki zuen. Plangintza hori da, hain zuzen, Altzoko Udalak erabaki zuena martxan jartzea, 2001eko martxoaren 6ko plenoan.
Planak, honako irizpide hauek jasotzen ditu:
Euskara, herritarrekiko harremanetan:
- Euskara Altzoko Udalaren lehen hizkuntza izango da bertako arduradun politiko eta langileentzat ahozko zein idatzizko komunikazioetarako herritarrekin jarduera publiko zein pribatuetan, beti ere beste hizkuntza ofizialean izatea nahi dutenen nahia errespetatuz.
- Herritarrek eragindako idatzizko harremanetan euskara izango da udalak berez jarraituko duen hizkuntza. Gaztelaniazko itzulpenak egingo ditu herritarrak espresuki hizkuntza horretan egitea eskatzen badu.
Euskara, beste administrazioekiko harremanetan:
- Altzoko Udalak euskara hutsezko harremanak izango ditu euskara ofiziala den eremuetako beste administrazioekin. Jokabide bera eskatuko du beste administrazioengandik. Horietakoren batek hala jokatu ezean -hau da, gaztelania hutsezko agiriak bidaliz gero-, igorleari itzuliko zaizkio dokumentuak eta euskaraz igor ditzala eskatu.
Euskara, udaletxe barruko lan-hizkuntza:
- Udaletxeko langileak euskaraz sortuko dute beren idazti multzoa edota euskaraz sortutakoak erabiliko dituzte.
- Plantilaz kanpoko profesionalen baten (abokatua, arkitektoa, aparejadorea…) zerbitzua hartu behar duenean, euskaraz burutzeko gai den batengana joko du.
- Zerbitzu-enpresek ere (gestoria, informatika, asegurugintza…) gai izan beharko dute beren zerbitzua euskaraz burutzeko.
Plangintza honetako zereginak burutzeko, Altzoko Udalak bertako arduradun politikoen nahiz langileen eta UEMAko euskara zerbitzuaren arteko lankidetza bideratuko du, hau da, Jarraipen Batzordea eratuko du. Jarraipen Batzordea aldiro-aldiro bilduko da, eta egoera hobetzeko gauzatu beharko diren ekintzak finkatuko ditu.