Naziotasun Aitormena
Altzoko Udalak mozioa onartu zuen 2001eko maiatzaren 6an. Horretarako, ekitaldi txiki bat burutu zen aurrez elizatariko estalpean (eguraldiak ez baitzuen lagundu). Txalapartariek ekin zioten lehenik; ondoren, ikurrina ipini zen udaletxeko balkoian eta dantzari batek agurra eskaini zion. Segidan, zinegotzi zein bertara hurbildutako herritarrak udaletxeko pleno aretora igo ziren. Honela dio mozioak, laburbilduta:
SARRERA
Gu euskaldunak gara. Beharrezkoa dugu Herriaren eraikuntzan aurrerapausoak emateko balioko duen tresna gure eskuetan izatea. Gure Herriak iragan hurbilean bizi izan ditu guda garaiak, inposaketak, oraindik berreskuratu
gabeko eskubideak indarrez kentzea. XXI. mendearen atarian, Euskal Herria, nazio izaera ukatzen dioten bi estatuetan zatiturik aurkitzen da, oso errealitate politiko, kultural eta garapen ekonomiko eta geografiko ezberdinekin.
NAZIOTASUNA
Herri bateko partaideek beren Herriari atxikitzeko tresnarik garrantzitsuena Naziotasuna da, norberaren sustraiekiko lotura adierazteko balio duena. Naziotasuna eskubide unibertsala da. Gizaki orok naziotasuna izateko eskubidea du. Era berean inork ezin dio inori naziotasuna inposatu.
EUSKAL NAZIOTASUNAREN IRIZPIDEAK
Gizakiari naziotasuna bi irizpideen arabera onartu ohi zaio: jatorria eta jaioterria. Euskal Herrian naziotasuna onartzeko erabili beharreko oinarrizko irizpidea norberaren borondatea da.
Euskal herritartasuna eskatzen duen orok, eskatzeko unean, honakoa aitortuko du:
- Euskal Herriaren nazio izate, lurraldetasun, eta burujabetza osorako eskubidea.
*Euskal herritar gisa Euskal Herriaren eraikuntzan parte hartzeko borondatea.
SALBUESPENAK
Euskal herritartasuna ez zaio pertsona bati aitortuko, ondorengo kasu hauetan:
- Euskal Herrian kokaturiko beste Herrietako gorputz diplomatikoak.
- Euskal Herrian kokaturiko espainiar, frantziar zein beste estatuetako okupazio indarretako kideak.
Bi kasu hauen ondorengoak: lehendabiziko belaunaldiko ondorengoei, nahiz eta Euskal Herriko lurraldean jaio, ez zaie naziotasuna aitortuko. Eskatu egin beharko dute.
EUSKAL HERRITAR ORORI EUSKAL NAZIOTASUNARI UKO EGITEKO ESKUBIDEA AURREZAGUTZEN ZAIO:
Inor ez da behartuko euskal naziotasuna izatera. Beraz, naziotasun eskubideari uko egitea norberaren borondatearen arabera izango da