Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/11/28
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa

?

ALTZO 2006-2007 ERROTA ONA, DABILENA 

ALTZO 2006-2007 ERROTA ONA, DABILENA
ALTZO 2006-2007 ERROTA ONA, DABILENA

Gure geroaren eraikuntzan, etorkizunaren errotan gure aletxoa jarri eta saiatzeko prestutasun agertuz amaitu genuen 2005eko urtekarian "Gari alea" izenburu zeraman sarrera. Ur emaria, ordea, bere bidetik aterea zebilenez, indarra galdu eta geldirik egon da gure errotarria urtebetez. Urak bere ubidera etorri dira eta harritzarra hasi da, berriro, nagitasunak uxatu eta botatako aleak ehotzen.

Bada zer xehatua, bi urtetako aleak metatu baitzaizkigu. Gure iritzirako alerik onenak aukeratu ditugu, zuretzat ere hala izango direlakoan. Bada hala ere esaldi bat errotan berandutzen denak, bidean korri dioena, eta hau ere gertatzen zaigu: atzeratutako lanari geldirik dagoen tramankulua berriro abian jartzeak eskatzen duen ahalegin berezia gehitu behar zaio. Hala, berandu eta korrika gabiltza oraingo honetan ere.

Eta horrek beste esaldi zahar batera garamatza: errota ona dabilena, ez geldirik dagoena. Errota eta gainerako gauzetan ere hala izango da hau, noski, nahiz eta, zenbaitetan geldi-geldi egotea mesedegarriagoa izan. Ez da urtekari honen kasua. Ea, geldialdi labur hori azkenekoa duen eta beste urte askotan jarraitzen duen drangadranga bere martxan, etenik gabe.

Baina jakina, errota onari bihia (alea). Eguna joan, eguna etorri berez-berez sortzen da uzta. Baina bildu egin behar da, eta errotara eraman aurretik, lastoa eta alea banatu hauts pila galanta janez. Bada sail ugari biltzeko, eta esku asko izanez gero errazago egiten da lana, neke gutxiagorekin, hobeto. Gutxi izan da, ari denarentzat neketsuagoa izan ez ezik, gertatzen da sail guztia bildu ezina eta uztaren zati bat alferrik galtzea. Alegia, izan daitekeela merezi eta lekurik egin ez diogun gertakizunik.

Errota berriak, irina txuri esaten da baita ere. Gure hau ez da berri-berria, ezta berritua ere, baina ez izan zalantzarik, kalitate oneko irina ehotzen da hemen. Behintzat xamurtasunez eta ahal dugun eta ale onenekin egina.

Besterik da denen gustu-gustukoa izatea urtekari honetan ehoa; errotan sartzen dena irinazten da dio esaerak, eta hau bai dela egi galanta; nabarmen antzemango zaigu honetan aritu garenoi non eta zertan gabiltzan. Asmo onenarekin egiteak ez dakar berarekin guztia ondo-ondo ondua izatea. Hala bada, badakizu, ondo esanak gogoan hartu eta gaizki esanak barkatu.

Hainbestean, beraz, hemen duzu 2006-2007ko biurtekaria. Hartu, zabaldu, eta zoaz banan bana bereizitako aleekin ehotako irina maneatzen: zuhaitz zaharren altxorrak, garai bateko eskolako kontu zaharrak, gaurko eskolako berriak, herritarron begirada, Sarayaku paraje urruna, Rexuren dantzalekuak, eguraldiaren gora behera... Ah, eguzkipean irakurri behar baduzu, kontuz! Txanoa jantzi eta krema eman. Gustukoa izan dezazula.

JEXUX MURUA


| Altzoko Emparantza, z/g 20268 Altzo (Gipuzkoa). Telefonoa 943 65 24 13 | © 2008 Altzoko Udala · Ayuntamiento de Altzo